
Javier Díaz Noci
John de Zabalo Txikik bere lanik garrantzitsuenak egin zituen garaian euskal prentsa ere loratu egin zen, eta aldizkari haietako batzuetan aritu zen gure marrazkilaria, batez ere Argia astekari donostiarrean. Izan ere, 20 eta 30eko hamarkadetan historiako gertakizun hain garrantzitsuak gertatu zirenean, komunikabideek ezinbesteko lana egin zuten euskaldunen sozializatze eta politizatze prozesuan eta, nolabait, irudiaren garrantzia berriz ere agerian geratu zen. Argazkien eta photomagazine ereduaren garaia dugu; baita marrazki, karikatura eta komikiena ere. Ezin ahaztu bestalde, kartelen eta beste baliabide batzuen bidez egin zen propaganda politikoa.
Argia eta komikiak
          Euskara hutsezko aldizkaririk aipagarriena –Hego Euskal Herrikoa               behintzat- Argia izan zen. Euskaldun talde batek, laiko eta erlijiosoek               batuta, 1921ean sortu zuen, euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatu               nahirik. Laster ailegatu zen Miguel Primo de Rivera jeneralaren diktadura,               eta hartara moldatu behar izan zuten donostiar astekariko arduradunek,               Juan Arzadun Gipuzkoako gobernadore militarraren laguntzaz, gobernadorea               euskalduna baitzen eta, gainera, Miguel de Unamunok gaztetan ikasi               edo sakondu zuen euskara praktikatzeko aldamenean zuen laguna. Garai               gogorrak, dudarik gabe, baina emankorrak ere, izan ere hamarkada haren               bukaeran hasi baitzen idazten bere lehen testuak Jose Maria Agirre               Lizardi poeta eta kazetaria eta haren eskutik euskarazko lehen egunkariaren               egitasmoa ere plazaratu baitzen 1929an. Sortu berria zen irratian               ere (Radio San Sebastián irratian) aritu ziren Argiakoak, eta               1925ean entzun ziren uhinen bidezko lehen euskal hitzak Joseba Zubimendiren               eta Ander Arzeluzen lanari esker.
          Orduan ere, 1927an eta 1928an alegia, eztabaidatu eta gauzatu zen               euskarazko lehen komiki-aldizkariaren egitasmoa. Txistu izan zuen               izena, ez dugu alerik ezagutzen, baina ederki adierazten digu nola               garai hartako euskaldun adoretsuek ezinbestekotzat jotzen zuten umeei               –ordukoak baitira lehen ikastolak- euskararenganako maitasunerako               bidea erakustea, eta argi zuten, horretarako, irudiaren indarra erabili               behar zutela. Badaude aurreko beste komiki batzuk ere, euskal aldizkarietan               agerturikoak, hala nola Bilboko Euzko Deyan “Teles eta Niko”               izen bereko umeen ibilaldiak kontatzen zituena, edo Iruñeko               kaputxinoen Zeruko Argia aldizkari erlijiosoan agertu zirenak, Otermin               delako batek sinatuak. Hala ere, Espainian hain ezagunak ziren Pepito               edo tbo komiki-aldizkariak bezalakoak ateratzeko lehen ahalegina alde               batera utzita –aipatutako Iruñeko kaputxinoek Euskaltzaindiari               proposatu zioten Umeentzako euskal-ingitxoa, adibidez- Donostiako               Argiakoak (haien artean Gregorio Muxika) eta Madrilen zeuden arkitekturako               ikasle euskaldun batzuk izan ziren lehen aldiz lortu zutenak lehen               argitalpena. Txistu bizitza laburreko argitalpena izan zen, baina               haren ondoren Isaac López Mendizabal inprimatzaile tolosarrak               Poxpolin komiki-aldizkaria eman zuen argitara eta urte batzuetan,               neke handiz, 1936. urtera arte iraunaraztea ere lortu zuen, izan ere               Eusko Alderdi Jeltzalearen Gipuzku Buru Batzarrak bere kargu hartu               baitzuen urte bat lehenago, horrek erakusten duelarik, batetik, Errepublika               garaian komunikabideei eman zitzaien garrantzi politikoa eta, bestetik,               euskarazko argitalpen gehienek hartu zuten ñabardura alderdikoia.
        Argiak ere horrelaxe egin zuen. Hasiera batean foruzalea eta euskaltzalea               baino ez zen, politikeriak alde batera utzita. Sortzaileen asmoa euskaraz               irakurtzeko zaletasuna bultzatzea zen. Primo de Riveraren diktaduran               apolitizismoa areagotu egin zen, garai latzei aurre egitearren. Hala               ere, orduantxe hasi zen preparatzen Espainian eta Euskal Herrian halako               erreakzio bat, Errepublikari bidea prestatuko ziona. Bitor Garitaonandia               zen orduan Argiaren zuzendaria. Zaldibartar hau abertzale sutsu bihurtu               zen, eta erregimen politiko berria ailegatuta euskarazko astekari               donostiarrak Euzko Alderdi Jeltzalearen alde jo zuen. Kontuan har               ditzagun datu batzuk: alde batetik, erlijio eta kleroaren aurkako               giroa, horren adibide jesuiten kanporaketa edo Mateo Muxika gotzainarena               izan ziren; beste alde batetik, abertzaleen artean ere banaketa gertatu               zen, eta hortik Eusko Abertzale Ekintza (ANV-EAE) alderdi ez konfesionala               eta laikoa sortu zen, Tierra Vasca egunkaria zuelarik bozeramale.               Argian, beste euskal aldizkarietan bezala, euskaldun-fededun identifikazioa               (hortaz nekazari girokoa) izan zen pentsamenduaren oinarri, Peru Abarka               liburuan oinarrituz. Modernitateak, hala ere, bere bidea jarraitzen               zuen eten gabe, eta talde kontserbadore horiek nolabait moldatu behar               izan zuten. Garaiko baliabideak erabiltzen zituztenez, komunikabideak               ezinbestekoak ziren. Baliabide horietako bat irudia zen.
Aldizkari erlijiosoak
          Gainontzeko euskal aldizkariek ere garai berrietara moldatu behar               izan zuten. Iruñean, 1919tik aurrera, hango kaputxinoek Zeruko               Argia aldizkari erlijiosoa ateratzen zuten hilero. Komunismoaren aurkako               testu batzuk aurki badaitezke ere, politika ez zen haien interes nagusia.               Berdin egin zuten beste aldizkari erlijioso batzuek ere: jesuiten               Jesus’en Biotzaren Deya, Aranzazu eta Ecos de San Felicísimo               aldizkariek, adibidez. Bizkaian beste aldizkari erlijioso bat argitaratzen               zen 1912. urtetik aurrera: Jaungoiko-Zale, izen bereko bazkunak ateratzen               zuena. Apaiz bizkaitarren aldizkaria zen, aldizkari epel bat izan               zena Errepublika iritsi arte, baina erregimen berria ezarri zutenean,               bide gatazkatsuagoari jarraitzea erabaki zuten, eta 1930ean haren               ordez beste aldizkari bat ateratzea erabaki zuten Zornotzatik. Izena               ezin esanguratsuagoa zen: Ekin. “Ilustraziñoko gizaldian               bizi gara”, zioten 1924an Jaungoiko-Zalekoek, “egunerokoen               gizaldian. Irakurgai txarra izparringi edo periodiku yantziaz, egunoro               ta lotsa barik nai non agertuko yatzu”. Kezka hori garai hartako               nagusietako bat zen euskal kulturan. Ezkerreko pentsamolde politikoei               aurre egiteko apaiz taldeek hainbat ekimen jarri zituzten abian, Europa               osoan : aldizkariez gain (La Croix de Dimanche frantziarra zuten eredu),               sindikalismo katolikoa ere bultzatu zuten. Euskal Herrian ere kezka               hori ederki azaldu zen. Hain zuzen ere, industrializazioa zela-eta,               hirietan lan egiteko Espainiako beste herrietatik etorritako langileek               gizartean aldaketa sakonak eragin zituzten, batez ere Bilbon, ordurako               euskara galdua eduki eta, gogoratu beharrik ez badago ere, Sabino               Aranak bere alderdia eta bere pentsamoldea XIX. mendearen bukaeran               burutu eta gauzatu zuen hirian. Primo de Riveraren diktaduraren azken               urteetan –eta Errepublika iritsierak egoera areagotu besterik               ez zuen egin- klase-sindikatuen garrantzia nabaria zen: Euskal Herriko               langile gehienak UGT sindikatu sozialistan zeuden afiliatuta (31.000               inguru). Sindikatu-mota horien indarrari aurre egiteko sortu zen ELA-STV               abertzalea, eta ia 11.000 afiliatu zituen Errepublikaren hasieran.               Komunistak –horien artean Donostialdeko euskaldun ekintzaile               on batzuk- gehiago ziren: 13.000 baino gehiago. Sindikatu katolikoetan               11.218 nekazari euskaldun zeuden. Guztira, Euskal Herriko langile               gehienak (44.114, zehazkiago esanda) ezkerreko sindikatuetan zeuden;               Elizaren aldeko sindikatuetan (ELA ere barne) erdia baino gutxiago:               23.768. Garai nahasi haietan, apaiz euskaldunen jarrera nabarmen izan               zen politikoa, horren adibide hemen jasotzen ditugun hitz hauek, Ekinen               lehenengo zenbakietako batean irakur zitezkeenak:
          Langille españarrak bene-benetako sosialista ta komunista ixanezkero,               gorrijak ixanezkero; eta emeko langillerik geyenak andik etorrijak               ixanezkero (ta txarrena tan be), guk emen eurokaz inpernu gorria ixan               bihar. Gorrijen aurka guda gogorra euzko-langilliak egin dabe beti.               Ointsu arte arein arerijo bakarrak eurok ixan dira.
          Polarizazio politikoa nabaria zen, eta areagotuz joan zen Errepublika               aurrera zihoan heinean. Gipuzkoan Eusko Nekazarien Bazkuna sindikatu               katoliko euskalduna sortu zen, gero Euskal Herri osoa hedatuko zena.               Argia hasiera-hasieratik haren bozeramale eta bultzatzaile bihurtu               zen. Estatutuak, adibidez, bertan agertu ziren lehen aldiz. Hiriaren               eta herrien arteko tentsioa areagotu egin zen. Beste apaiz talde batzuek               ere propaganda-lana egin zuten Errepublikan. Gogoratu behar dugu,               adibidez, nola 1932an Agrupación Vasca de Acción Social               Cristiana elkartea sortu zen eta, Donostian Gure Mutillak aldizkaria               sortu zenean Gizarte-ikas-batzak bultzatzeko, inprimatzailea Argia               ere argitaratzen zuen Ricardo Leizaola zen, Jesus Maria Leizaolaren               anaia. Ordena erlijioso batzuek beste euskara hutsezko aldizkariak               sortu zituzten, horietako bat oso zaharra gainera: karmeldarren Karmen’go               Argia, esate baterako. Bizitza laburragoa izan bazuen ere, oso interesgarria               zen Arrati’ko Deya, Areatza (Bizkaian) agertu zena 1931 eta               1932. urteetan, Aldizkariaren erdia erlijio gaiei buruzkoa eta beste               erdia inguruko herrietako berriei buruzkoa zen. Aldizkariaren zuzendari               eta bultzatzailea Eulogio Gorostiaga apaiz zeanuriztarra zen. Euzkadi               egunkari jeltzale bilbotarraren arrastoari jarraituz, Arrati’ko               Deyan ere berebiziko garrantzia eman zioten herrietako informazioari,               eta horregatik gaur egun euskarazko informazio-panoraman hain pisu               handia duten herrietako aldizkarien aitzindaritzat har dezakegu. Gainera,               argazkiei garrantzi handia ematen zieten. Pentsamoldea, zer esanik               ez, jeltzalea zen: Arrati’ko Deyaren azpitituluak zera zioen:               Jaungoikoa eta Lagi Zarra (Sabino Aranaren lema, alegia), eta saldu               Euzko Gaztediaren Bilboko bilguneetan saltzen zen.
        Zeren atzetik zebiltzan aldizkari horiek guztiak? Frances Lannon Oxfordeko               Unibertsitateko irakasleak bere doktoretza tesian ezin argiago azaldu               zuen hori: “Neurri txikiko nekazaritza guneetan eta nekazari               txikiek ustiatutako lekuetan egonkortasun handia zegoen. Gune horiek               elizaren lanerako ekintzarako lekurik egokienak ziren”. Errepublika               iritsita, eta erlijiosoek erregimen politiko laikoaren mehatxua sentituta               zutenean, beren interesak defendatzen zituzten alderdi politikoetara               lerrotu ziren. Apaiz euskaldunak jeltzale bihurtu ziren, eta Antonio               Elorzak “apaiz propagandistak” deiturikoak sortu ziren.               Joseba Ariztimuño Aitzol dugu horren adibiderik onena. Hark               eta beste batzuek Euskaltzaleak taldea sortu zuten, eta kultur aldizkari               elebidun bat ere plazaratu zuten: Yakintza. Pentsamolde abertzaleaz               tindaturiko komunikabidea zen. Bazeuden, ordea, beste kultur aldizkari               batzuk hain ideologizatuta ez zeudenak. Aspaldidanik zetorren Revista               Internacional de los Estudios Vascos, hasiera batean Julio Urkixok               bultzatu zuena eta 1918an, Eusko Ikaskuntza sortu zenean, bere Nazioarteko               Aldizkari bihurtu zena, beti ere Urkixok zuzendua. Eusko Ikaskuntzaren               sorrera, Institut d’Estudis Catalans institutuaren ereduari               jarraituz, euskararentzat eta euskal ikasketentzat oso gertakizun               garrantzitsua izan zen, batez ere unibertsitaterik ez zeukan eta eten               gabe eskatzen ari zen herri batean. Hurrengo urtean, 1919an alegia,               Eusko Ikaskuntzaren eskutik aspalditik euskaldun intelektualek hain               beharrezkotzat jotzen zuten hizkuntzaren akademia sortu zen: Euskaltzaindia.               Akademiaren presidente edo euskaltzainburu Resurrección María               Azkue apaiza izan zen. Bultzatzaileen artean, nola ez, Julio Urkixo.               Lehenengo euskaltzainak izendatzeko irizpidetzat euskal aldizkarien               zuzendariak hautatzea hartu zuten. Batek bakarrik esan zuen ezetz:               aranisten buru eta Euzkadiren euskarazko atalaren arduraduna zen Ebaristo               Bustintza Kirikiñok. Horrek erakusten digu zer nolako garrantzia               eman zioten euskal kulturan mugitzen zirenek kazetaritzari.
Euskal egunkariaren egitasmoa
          Horregatik planteatu zen, bene-benetan, aspaldiko amets bat: euskal               egunkariaren egitasmoa. 1929. urtea zen. Primo de Rivera jeneralaren               diktadura hilzorian zegoen, eta askatasun handixeagoa zegoen euskararen               eta euskal kulturaren inguruko ekimen batzuk aurrera eramateko. Eusko               Ikaskuntza, euskal kultura hedatzeko eta gai horri buruzko ikerketak               jendeari ezagutarazteko, udako ikastaroak antolatzen hasi zen 1927an.               Lehenago ere, eusko ikaskuntzen kongresuak eginak zituen eta Euskal               Unibertsitatearen aldeko komite bat ere eratua zuen. Gasteizen, 1927an,               egin zen Eusko Ikaskuntzen IV. Kongresuan gaietako bat kazetaritzaren               irakaskuntza izan zen. Orduan ez zegoen oraindik Espainian kazetaritza-eskolarik               eta, askoz gutxiago, fakultaterik. Handik urte batzuetara Espainiako               kazetaritzako lehen eskolaren zuzendari izan zen Manuel Grañak               gai hori aztertu zuenean ondokoa esan zuen kongresuan: “Eusko               Irakaskuntzaren gidariek oso ongi dakite egunkari batek zer esan nahi               duen nazio zibilizatuen bizitzan eta, beraz, konturatu dira lanbide               horrek zer garrantzi duen eta nola irakatsi daitekeen”. 1929ko               udako ikastaroak Donostian egin ziren eta, beste batzuen artean, Jose               Maria Agirre Lizardi izeneko gazte adoretsu batek hartu zuen parte.               Ikastaro haietan izan zuen ardura euskaraz mintza-praktika zuzentzea               zen, baina, horrez gain, egitasmo garrantzitsu bat ere aurkeztu zien               partehartzaileei: euskarazko egunkari baten egitasmoa. Dena asmoen               mundu ilunean gera ez zedin, “zero zenbaki” bat ere aurkeztu               zuen Lizardik, ez zaiguna guri iritsi. Bi agerraldi egin zituen: lehenengoan               lan teoriko bat azaldu zuen, bigarrenean euskal egunkari horren ale               bat, proba inprimatu bat, uztailaren 9koa, izenbururik gabea. Alearekin               batera, galdetegi bat banatu zen han zeuden euskal kazetarien artean.               Diseinua, kazetari kopurua, lan banaketa eta aurrekontuak eztabaidatu               ziren. Ideia bat baino gehiago praktikara eramateko moduko egitasmo               bat zen. Egun hartan bertan egitasmoa burutu ahal izateko batzorde               eragile bat eratu zen. Lizardiz gain, han zeuden Miguel Esparza, Ricardo               Leizaola, Txomin Arruti eta Ander Arzeluz.
          Egitasmo horren atzean Euskaltzaleak taldea ere bazegoen. Argia aldizkariak               ere bazuen zeresanik: udako ikastaroan banatutako alea Argiaren inprimategian               egin zen. Lizardik eta beste batzuek uste zuten ez zegoela egunkari               berri bat ateratzerik, ez inprimategi berri bat erosterik, ez eta               langile berririk kontratatzerik ere. Idazlearen ustez, onena zen zegoen               euskal aldizkari batean oinarrituta egunkari berria ateratzea. Lizardiren               aholkuak ontzat hartuz gero, Argia aldizkaria, lehen euskarazko egunkaria               bilaka zitekeen.
          Zer nolako egunkaria nahi zuten? Euskarazkoa, jakina, nahiz eta batzuek               elebiduna edo erdal-ataltxoren bat zuena proposatu; informaziokoa               (“izpartsu”, Lizardiren hitzetan), eta hark zion bezala:               “egunkari on bat -eta bearrezko dezu ona, erderazkoak bezin               ona; bestela, zeren indarrez edatu?”. Euskal Herri osora hedatuko               zen egunkaria izango zen, handia, Madrileko La Voz eta El Sol egunkarien               antzekoa (garai hartan tamaina handiko egunkariak “serioagoak”               omen ziren), beste batzuek (Lizardik berak ere bai), txikiagoa nahi               bazuten ere. Guzti-guztien ustez, kristaua izan behar zuen egunkariak.
          Hizkuntza bateraturik ez zegoenez, euskal idazle onak eta hizkuntza               kontuetan integratzaileak inoiz baino beharrezkoagoak ziren. 1929ko               maiatzean bertan, Lizardik Pablo Fermin Irigarai Larreko mediku idazle               nafarrari ondokoa eskatu zion: “zuk ain mami darabiltzun naparrera               gozo orretan idazki bat biali zarazu, egunkarirako. Egunkari-muestra               edo agerki bat nai genduke ‘Euskaltzaleak’ aren zabalkundea               egiteko (...)”. Baina arazorik larriena irakurleena zen. Alfabetizazioa               euskaraz hasiera-hasieran zegoenez, umeengan zeukaten konfiantza osoa               jarrita, haurrek izan behar baitzuten, beren ustez, nagusiei irakurriko               zietenak.
          Argian euskal egunkariari buruz aurkitu dugun azken aipamena 1930eko               martxoaren 16koa da. Zumaian egindako Euskaltzaleak elkartearen batzarraren               berri ematen digute: “Azken-azkenik Egunkariatzaz erabaki zan.               Lizardi jaunak esan zuan berriro, egunkari ori irtetea al izango bada               iru milla arpidedun bear dirala, iru milla arpide oiek billatzen saia               gaitezen bada guztiok (...). Orrenbeste ta orrenbeste biztanle gera               euskalerrian eta ainbeste eta ainbeste euskaldun bizi dira Euskal-erritik               kanpora eta ez ote gera bada iru milla irakurle batuko euskel-egunkaria               izan dezagun? Bai, noski, batez ere danok gogoz artzen badegu (...)”. 
        Momenturik egokiena zirudien -eta gaur egungo egoeratik begiratuta               ere hala dirudi- euskarazko egunkari bat kaleratzeko: lehen aldiz,               egoera politikoak uzten zuen horrelako asmoak burutzen, Argiak irakurle               talde garrantzitsua lortua zeukan ordurako, teknikoki eguneratzeko               urratsak ere eginak zituen, baina, argi eta garbi arazo ekonomikoak               zirela medio, Argia ez zen Euskal Herriko euskaraz idatzitako lehenengo               egunkari bihurtu. Dena dela, asmo horrek erakusten du euskarazko kazetaritza               egin zitekeela garai hartan. Hala ere, zazpi urte itxoin behar izan               ziren euskarazko lehen egunkaria, Eguna, ikusi ahal izateko. Gerra               Zibilaren garaia zen (1937) eta egoera, zer esanik ez, erabat ezberdina.
Egunkaririk ezean, astekariak
          Egunkariaren hutsunea betetzeko, jeltzaleek euskarazko aldizkari bat               eta gaztelaniazko egunkari bat eman zituzten argitara. Donostiako               El Día zen gaztelaniazko egunkaria, eta bertan orri bat gordetzen               zuten euskarazko ataltxo bat ere argitaratzeko, Ander Arzeluzek zuzendutakoa.               Beste alde batetik, orduan loratzen hasia zen idazle euskaldun gazte               batek, Esteban Urkiaga Lauaxetak sortu zuen Bizkaian astekari bat,               Aranaren bizkaiera garbizalean idatzitakoa: Euzko zuen izena. Gutxi               iraun zuen, 1932tik 1934 urtea arte. Zuzendaria Manuel Ziarsolo Abeletxe               zen, eta pentsamoldea, jeltzale erradikala. 1913tik aurrera Ebaristo               Bustintza Kirikiñok Euzkadi egunkariaren Euzkel atalean egindako               lanaren ondorengoa da Euzko. Beharbada Euzko euskara hutsezko egunkari               jeltzale hipotetiko baterako proba bat zen, Gorka Reizabalek kontatzen               duenez:
  “[Ziarsolo] altxatu zen Bizkai Buru Batzarraren bilera batean               egunkari euskaldun bat behar zela berriro ere esateko eta, une hartan               harrokeria bazirudien arren, ondoko esaldia botatzeko: ‘dirua               ematen badidazue, neuk egingo dut’. Hori 1932. urte aldera gertatuko               zen ziurrenik, inork ordea ez zion krediturik eman”.
          Egia da kazetaritzako baliabide guztiak erabili zituztela: argazkiak               (kalitate onekoak, gainera), izenburu korrituak, komikiak (Peru Malluki               izeneko sorta, non euskaldun nekazari kirten baten ibilaldiak eta               mundu berriaren aurrean hartzen dituen sorpresak kontatzen zaizkigun)               eta karikaturak, herrietako berriak edo, garai hartako hainbat euskaldunen               modaren arabera, izparrak. Atzerriko berriak ere agertzen ziren, eta               kirolak –eta ez bakarrik pilota-, baita modernoak ere: futbola,               txirrindularitza, boxeoa. Bilbon egiten zen astekaria, baina idazle               giputz batzuek ere idazten zuten, horien artean orduan ospetsu egiten               hasi zen bertsolari gazte alfabetatu bat Inazio Eizmendi Basarrik,               garai hartan ez zena oso ohikoa bertsolarien artean.
          Euzko desagertuta, esan dezakegu Argia gelditu zela euskal kazetaritzaren               ordezkari bakar. Euskarazko egunkariaren egitasmoak porrot eginda,               beste bide batzuk arakatu behar izan zituen. Politikoki, Estatutuaren               alde agertu zen bete-betean Donostiako astekaria. Abertzaleen mitinen               berri ematen eta argazkiak erakusten hasi zen. Indalecio Ojanguren               argazkilari eibartarra hasi zen bere irudiak argitaratzen. Eguneko               argazkiekin batera, pentsamolde kontserbadorea indartzen zutenak ohikoak               ziren: Euskal Herriko alderdi eta mendiak, adibidez. 1930eko hamarkada               gatazkatsu hartan agertu ziren Argiaren orrialdeetan Txikiren lanak.               Alde batetik, kartelen erreprodukzioak; beste alde batetik, aldizkarirako               berariaz egindako lan batzuk, Estatutuaren alde propaganda egiteko               aleluia bertsoak ziren. Lehenengoa, zehazki, 1933ko azaroaren 19an               agertu zen. Horiekin batera, bertso berriak argitaratu ziren: baliabide               zaharrak mundu berrira egokituak edo. Ordurako, nazionalistak bakarrik               zeuden Estatutuaren defentsan. Txikik egindako marrazki nahiko sinboliko               batean euskaldun bat, “euskaldun jatorren” sinbolo guztiekin               hornitua, ikusten da. Haren atzean, baserria, etxea, eta familia.               Txapela buruan, txistera eta lebitaz jantzitako bi “jauntxo”               hiritar eta lapur bat uxatzen ari da. Irudiaren azpian, testu hau:               “Eutsi, eutsi, guria da ta...”. Azpian eta alboan bertso               batzuk. Eta izenburu hau, letra handiz eta bertsoz idatzita:
  “Euskal-errian bizi geranok: Aupa! Zutitu gaitean! ESTATUTOA               bear degu-ta goazen guztiok BATEAN!!
          ABERTZALEAI botoa eman jarraituz gure bidean. ABERTZALEAK izan bitzate               botoak “urnak” betean”.
          Lehen bezala, Argian euskaldun katoliko guztien batasunaren aldeko               deiak egiten ziren, eta batez ere karlistei zuzendurikoak izaten ziren.
          Zabaloren kolaborazioa lehenago hasi zen, kutsu politikorik gabeko               marrazki batzuekin. Jose Maria Agirre Lizardirekin batera hasi zen,               eta hori ezin esanguratsuagoa da, belaunaldi berri baten ekimenaren               adibide: abertzale, tradizionalista eta, aldi berean, formetan behintzat,               berrizale ziren eta kanpoko korronte estetikoa ezagutzen zuten gazte               batzuen ekimenaren adibide, hain zuzen. Lizardik astero idazten zuen               Berriketak izeneko zutabea eta Txikik marrazki xume eta garbiekin,               umoretsu eta xaloekin irudikatzen zituen. Errepublikakoak, aldiz,               didaktikoagoak ziren, politikoagoak eta oldarkorragoak, garai trumoitsu               haiei zegozkien bezala. Horretarako, esan bezala, aspaldiko generoa               berreskuratu zuten aleluiak, itsuek kantatzen zituzten haiek. Bineta               baten azpian testu edo didaskalia bana agertzen zen. Koloreak –beltza,               zuria eta gorria edo berdea- ere erabiltzen ziren indar gehiago ematearren.               Zergatik erabili ziren garai hartan euskal prentsan genero horiek?               Gogora ditzagun Julio Caro Barojaren hitz ezin argigarriagoak:
          Aleluiak ez dira, oro har, genero infantilaren barruan sartzen, infantilizatuan               baizik (...). Isabel II. erreginaren garaian eta 1868ko iraultzaren               ondo-ondoko urteetan gailurrean egon ziren. Aspaldiko garai haietan,               aleluia landua izan zen, gaztelaniaz mintzatzen ziren herrietako hedapen               handiko aldizkarietan ere. Aleluia istorioak laburtu eta laburbilduta               emateko prozesuko azken fasea da.
          Testuan agertzen dena da garrantzitsuena; marrazkia euskarri bat besterik               ez da, irakurtzen edo entzuten dutenek marrazkiaren bidez laguntzaren               bat eduki dezaten. Komikian ez bezala, marrazkiak eta testua ez dira               elkarren osagai. Testuak berak dena adierazten du, marrazkiak ez.               Komikietan, aldiz, marrazkiak nahiz testuak beharrezkoak ditugu, hari               narratiboari jarraitu ahal izateko, biak corpus narratibo baten osagai               dira. 
          Horrelako generoak, batik bat, irakurle iletratuengana heltzeko erabiltzen               ziren, baina Julio Carok dioskun bezala, “(...) hay iletrados               e iletrados como existen múltiples clases de personas letradas.               Lo que interesa a unos no interesa a otros. Lo que se quiere mostrar               a las distintas clases de iletrados es distinto también. El               fin moralizador y religioso de la imagen, puesto de relieve por el               sínodo de Arras, es un fin sensacionalista en el cartelón;               y en imágenes parecidas en algo de lo formal al retablo y al               cartelón, puede pretenderse obtener fines pedagógicos               de distinta índole, efectos humorísticos, etc.”               “Moralizador y religioso” hitzak azpimarratu nahi ditugu,               erakusgarriak iruditzen zaizkigulako. Generoaren beraren ezaugarriak               dira, baina horretaz aparte, Argiaren (eta euskarazko beste komunikabide               batzuen) ideologiarekin bat datoz, genero horren helburua erlijioso               eta moralizatzailea baitzen. Umeak zituzten helburu, haiek baitziren               euskaraz irakurtzen zekitenak. Haien bitartez sartu zen euskal kazetaritza               baserrietan, herrietan, hiriko euskaldunen artean. Gauzak errazago,               mezu argiago egiteko asmoz argitaratuak ziren aleluia haiek. Argiakoek               konfiantza erakutsi zuten komikietan, hala ere Txistu aldizkariak               porrot egin zuen. Baliabide grafikoei eusteko edo, genero populista               hori erabili zuten une puntual batean. Estatutuaren egitasmoak ere               porrot eginda, alde batera utzi zituzten Argiakoek esperimentu haiek.               Hori bai, ez zuten amore eman: Leizaolatarrek beren inprentarako oso               makina iraultzailea erosi zuten, errotograbatukoa. Argazki ezin hobeak               hasi ziren argitaratzen, eta Argia Life edo Paris Match bezalako photomagazin               bat bihurtu zen. Beste alde batetik, hizkuntza-eredu bateratu eta               estandarraren faltan –Garitaonandiaren ideietan oinarrituta,               -Azkue berak ere Garitaonandiaren gipuzkera osotua proposatu zuen-               Argian kazetaritza hizkera oso ona landu zuten, “Gipuzkoako               euskera errez eta argian”. Jakin badakigu herrietatik jasotzen               ziren testuen idazketa bateratzeko, bulego bat antolatu zutela Donostian,               testu horiek orrazteko eta 1928an argitaraturiko halako estilo-liburuaren               arauetara moldatzeko, eta bertara deitu zuten Basarri bera ere, baina               ez zuen onartu. Irudiaren indarraz jabeturik, azken pausoa 1935ean               eta 1936an argitaratu zituzten aleetako argazkietan ikus daiteke.               Irudiek pentsamolde bat aurkezteko ere balio zuten. Hor argi eta garbi               azaltzen dira elizgizonen jarrera eta komunikatzeko baliabideen erabilera.               Adierazi dugunaren arabera, bi gauza esan ditzakegu: bata, Argiakoek               gero eta marrazki eta argazki gehiago erakutsi zutela, eta gero eta               irudiak erreproduzitzeko sistema hobeak erabili zituztela, horrela               irudiaren indarrean konfiantza handia zutela erakutsiz; eta bestea,               irudien erabilera Elizaren antzinako kontzepzioan sustraiturik zegoela,               ez zela, beraz, batere modernoa. Gerra zibilak hori dena bertan behera               utzi zuen.
        Ipar Euskal Herrian, bestalde, gauzak erabat ezberdinak ziren. Han               ez zegoen bertako alderdi politikorik, Frantziako estatua askoz zentralistagoa               baitzen, eta euskaldunen kohesioa lortzeko astekari zahar bat Euskaldunaz               baliatzen ziren Baionako apezpikutza eta hango hautagai euskaldun               eskumakoak –horien artean Jean Ybarnegaray Pilota Federazioko               presidente eta, denboraren poderioz, nazien aldeko Vichyko gobernuan               ministro izan zena. 1887ko urtean jaio zen Euskalduna. Eskualdunak               astekariak apenas erabiltzen zuen baliabide grafikorik. Piarres Lafitte               eta beste gazte batzuk saiatu ziren 1930eko hamarkadan alternatiba               bat sortzen, Aintzina aldizkari erregionalista argitaratuz, baina               Eskualdunaren lehentasunak ukitu gabe iraun zuen, harik eta 1944an,               Munduko Bigarren Gerra bukatutakoan, agintari berriek itxi zuten arte.
Euskara irratian
          Komunikabide idatziez aparte, sortu berria zen irratia ere erabili               zuten euskara kultur hizkuntza jaso eta modernoa egin nahi zuten euskaldun               kementsuek, batez ere Donostian bizi zirenek. Berriz ere, Argiaren               inguruan zebiltzanek bazuten zerikusirik. 1925ean sortu zen Radio               San Sebastián Sabino Uzelaieta zinegotziari esker, eta urte               berean Ander Arzeluzek eta Joseba Zubimendik ekin zioten uhinen bitartez               hainbat sail zabaltzeari. Ez dago garai hartako grabaketarik, ez testurik               ere, baina jakin badakigu astero aritzen zirela, eta haien programetan               euskaldun ospetsuak agertu zirela, adibidez Pepe Artola tolosarra.               Irrati hitza ere asmatu zen Argiaren orrialdeetan, Nabarriztarra delako               batek irran aditzetik eratorria. Zinema ez bazen begi onez ikusten               –agian industriaren ahuleziak esperantza gutxi ematen zuelako-               irratiak aldiz itxaropen handia sortu zuen, hizkuntza (eta hari itsasten               zitzaizkion baloreak) zabaltzeko tresna txit egokia zelakoan:
          Radio Donostia irratizkin bikañari zor dizkiogu euskera zabalkunde               ta garaiopen abek. Radio Donostia dala ta dabil gure euskera ttukuna               egaz eta Radio Donostia dala-ta jakingo dute erri asko ta askotan               euskera badala [...]. Radio Donostiak zabaldu bear dituen ikaskintzak,               beraz, lenen-lenen ez dute sekulan Eliz-Amak erakusten ditun gauzen               eta oitura-ekandu garbien kaltezkoak izan bear.
          Halaxe zioten Argiakoek, eta ederki ospatu zuten Zubimendik eta Arzeluzek               ehungarren irratsaioa egin zutenean egindako omenaldia, 1934an.
        Halakoxea zen Txikiren garaiko komunikabide giroa, zaila eta itxaropentsua,               kontraesanez betea baina baita esperantzaz betea ere. Etorkizunari               begira inoiz baino hobea zirudien egoerak. 1936ko Gerrak, ordea, dena               moztu zuen.