Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 12, osteguna
Txiki Zabalo


Txiki
Zabalo: kronista grafikoa

Joxean Muñoz Otaegui

Martin Txilibitu
Liburu txikia da Martin Txilibitu, irakurtzen ikasteko liburutxoa, hasiera bat, kate baten lehen begia. “A-ma, u-me, a-mu”. Ordura arte –1931–, ez zen haur euskaldunentzako silabariorik izan. Euskara ez zen ikasten, jaso egiten zen (“amaren bularretik”, etc.). Bere inguru “naturaletik” –menditik eta sukalde txokotik– atera orduko, ahaztu egiten zen. Eskolatik bazter, administraziotik aparte, debekatua maiz, hizkuntza urritua zen euskara, larrekoa: samurra bai, baina kamutsa, distirarik gabea, etorkizun eskasekoa. Gutxik sinistu zuen orduan kaleak euskaraz hitz egiten jarrai zezakeenik, euskarak balio izango zuenik XX mendea bizitzeko. Guztia zuten egiteko gizon-emakume haiek euskara eskolara, administraziora, merkataritzara, aldizkarietara, egunkarietara, liburuetara, irratira, komikietara, antzokietara, zinemara…, hitz batean, kalera ekarriko bazuten. Alor gehienetan, hasieratik hasi beharra zegoen, zerotik, alegia. Luis Elizalde pedagogoak garbi ikusi zuen, eta gordin adierazi: “Gaur egun askoz ere garrantzi handiagoa du silabario bat egiteak poema heroiko bat egiteak baino”(*).
Irudi bat da Martin Txilibitu, figura baten marrazkia, bi kolore, bi hitz, hamabost letra. Kolore jokoaren parte da marra, koloreak marrak bezainbat zehazten du figura, ikusteko dira letrak irakurtzeko bezainbat, hizki eta marrazki aldi berean. Bi erabiliaz hiru kolore lortzen ditu marrazkilariak, hutsuneak margo bihurtzen ditu. Paperaren zuriak ematen dio irudiari argitasuna, tinta beltzak eransten dio erliebea, kolore gorriak, bizitasuna. Baliabide grafiko urriei etekinik handiena ateratzen die marrazkilariak, liburua begiz jo orduko ikastearekin, atseginarekin, jolasarekin eta irriarekin egin dezan lotura irudiak. Bizkor, garbi eta deigarri.
Txiki sinatzen zuen marrazkilariak 39 urte zituen Martin Txilibituren azala moldatu zuenean. Hamar urte zeramatzan irudigintzan, bere estiloa ondua zegoen ordurako. Ezagunak ziren haren karikaturak, haren txisteak, euskaraz nahiz gaztelaniaz, haren ilustrazioak, kartelak eta, jakina, liburuak. Ez zen tarteka marrazkigintzara “makurtzen” zen pintorea, “marrazkilaria” baizik. “Diseinugilea” esango genuke gaur, irudigintzaren profesional bat, ofiziokoa. Langile bat eta, aldi berean, lantoki bat. “Txiki enpresa” iragartzen du egunkarian, 1927an. “Dibujos artísticos e industriales”.
Arte industriala da Txikiren jarduna, arte “txikia”, Pinturaren, Arkitekturaren, hau da, maiuskulaz idatzitako Artearen ahaide pobrea. Euskarazko produkzio urriaren alde egin zuen, gainera, Txikik, txikienaren alde, alegia. Txikitasunari egokitu behar izan zitzaion gizonaren historia izan liteke Juan Zabalo Ballarin-ena: txikitasunak handi egin zuen gizonarena. Ezin hobeto dagokio ezizena.

Juan Zabalo Ballarin, Txiki
John edo Juan edo Jon Zabalo Ballarin Manchesterren jaio zen, 1892 urtean. Aitaren lanak, itsas merkataritzako konpainia baten buru izaki, eraman zituen Zabalotarrak Ingalaterrara. Han jaio zitzaien bigarren semea. Gainerako guztiak, Pablo, anaia zaharrena tarteko, Donostian jaio ziren. Anekdota hutsa zatekeen Juan Ingalaterran jaio izana Espainiako Gerra Zibilak ez balu errotik aldatu, beste hainbesterena bezala, Zabalotarren zoria. Euskararen alde jokatu zuen, abertzale agertu zen nabarmen, “Jon” esango zioten agian bere lagun euskaldun “garbizaleek”. Faxismoa armetan altxatu zenean, erbesteratu egin behar izan zuen, bere ahaide, adiskide eta lankide askorekin. Ingalaterrako erregeak, behiala John izan zelako, babesa eman zion ihesi zihoan Juan edo Jon izenekoari. Ingalaterran jaioa zelako eman zioten Ingalaterran aterpe. Gainerako senideak aurrera egin behar izan zuten, urrunago, Ameriketaraino. John izenaz hil zen beraz gure Jon, gure Juan, Londresen, 1948an.
Sortzetiko eritasun baten ondorioz bizkarra kalteturik, Juan, Zabalotarren bigarren semea, ttipi hazi zen. Gizon atsegin eta umoretsuaren oroitzapena dute Juan Zabalo ezagutu zutenek. Bere mundu grafikoa ere halakoxea da, atsegina, gozoa eta xaloa, mikatzik gabea, handiusterik gabea.
Juanek ezin izan zituen goi-ikasketak burutu. Gaixoaldi luzeek etxetik kanpo joatea eragotziko zioten, Euskal Herriak Unibertsitaterik ez zuen, ezin izango zituen bere anaia Pabloren moduan, arkitektura ikasketak egin. Marrazkigintzan murgildu zen, prentsarako, iragarkietarako, liburuetarako irudien industrian. Kalean sortua eta kalean hazia, argazkiak zituen etxean Txikik, kartelak ikusi zituen hormetan, begiak zoratzeko tramankuluekin jolastua zen feriako barraketan, “zinema” esaten zioten denbora-pasa arrakastatsua ezagutu zuen, kafetegietan aurrenik eta zine aretoetan, gero. Tramankulu mekanikoetara ohitua zuen begia, noski, 1921ean marrazkigintzari erabat lotu zitzaionean. Bizitzaren arlo guztiak makinek kutsatuak zeuden ordurako. Txikiren belaunaldia igogailuan igotzen da etxera, telefonoz egiten du hizketa urrunekoekin, musika grabatua entzun dezake fonografoetan, bizikletaz, autoz eta trenez ibiltzen da, irratia entzuten du, egunkariak irakurtzen ditu. Eta kartelak ikusten ditu, kalean.

Kartelak
Mende berriarekin sortutako munduaren adierazpen garbia da kartela. Kalean presatuta dabilenaren begia jo behar du, haren arreta erakarri, lipar batez. Ozen eta labur komunikatu behar du, nagusitu egin behar zaio kalean presaka doanaren arreta lausoari, inguruko zalaparta, bisual nahiz sonoroari gailendu. Bandera izan behar du kartelak, ikur, amu, garrasi, begietarako telegrama… mezuak garbi eta bizkor adierazi behar dituena. Milaka aldiz, milaka aletan.
Txiki Zabaloren belaunaldikoak dira Euskal Herrian kartelgintza eta, oro har, diseinu grafikoa, irudigintzaren alor berezitzat hartu zuten lehenak –Gezala, Antequera-Azpiri, Lagarde, Martinez Ortiz, Elosegi, Lasheras, Landi, Cabanas…–. Komunikazioaren molde berrien desafioari aurre egiteko erantzun artistikoa eta teknikoa bateratu behar zirela ulertu zuten, hizkera bisual berri bat asmatu behar zela kalerako. Bazuten non ikasia. Euskal Herria kaletartu zenerako eta hormetan kartelak ugaldu zirenerako, erabat hautsia zuen Europako irudigintza industrialak pinturaren molde zaharrekiko mendekotasuna. Joera estetiko berrienetatik elikatzen zen eta, aldi berean, herri tradizioaren soiltasunetik eta nabarmentasunaren atseginetik. Figuraren geometrizatzea ikasi zioten kartelgileek kubismoari, koloreen berezko adierazgarritasuna fauvismoari, garraztasuna espresionismoari, apaingarrietarako sena sinbolistei, futurismoari makinarekiko eta abiadurarekiko lilura, konstruktibistei elementu grafikoen elkar-eragina. Begi-belarriei inguru berri bat sortzeko ahaleginean lankide gertatu ziren maiz artistak eta kartelgileak. Eraginen mapa eraikitzea ez da ordea erreza, eskolen eta joeren arteko hesiak ez dira zehatzak. Informazio bisual bihurturik, forma berri horiek moda bezala hedatu ziren, kutsaduraren logika mugagaitzean.
Garai hartako euskal artista, arkitekto, idazleek arretaz begiratzen zieten kanpotik etorritako kartelen erreprodukzioei, Parisen, Vienan. Glasgowen, Bartzelonan, Berlinen, Moskun egiten zenari adi. Urruneko oihartzunak ziren, isiltasunaren geruzapean bizi baitziren, Primo de Riveraren diktaduraren pean, Espainiaren barruan, euskal probintziak.
1920tik 1931rako tartean sendotu zen kartelgintza Euskal Herrian. Kulturarekin lotua hasieran, turismoarekin eta boladan chic egon nahiarekin, gizartearen arlo guztietan jarri zen kartela indarrean. Industriak hamarkada hartan ikasi zuen jendetza olde handietara iristeko ezinbestekoa zitzaiola irudia. 1924koa da Antequera-Azpirik “Jabón El Lagarto”rako landutako diseinu grafiko bateratua, xaboi puskatik kaleko iragarkietarainoko koherentzia bisuala zaintzen zuena. Baina garai hartako kartelik ezagunenak turismoa, festak eta kultura dituzte ardatz. Zezenketak, estropadak, San Ferminak, Aste Nagusiak, Euskal jaiak, auto, zaldi eta txirrindu lasterketak… bizitasuna, alegia, erakargarritasuna eta bizkortasuna.
Urte horietan trebatu ziren euskal grafistak eta, oro har, espainiarrak, hurrengo hamarkadak ekarriko zuen kartel egarrirako. Isiltasun behartua Errepublikaren aldarriak hautsi zuen, Eibarren. Kaleak hitz berriez bete ziren: “iraultza”, “sozialismoa”, “hauteskundeak”, “aberria”, “Euzkadi”. Hitzok, mezuok, kartelen bidez eramaten ziren kalera. Sukar moduko batek astindu zuen Espainia, Errepublika garaian. Ozen garrasi egin beharrak, banderak erakutsi beharrak kartel politikoaren suspertzea ekarri zuen. Gerrak eman zion, beste gauza askori bezala kartelgintzaren urrezko aroari amaiera. Bortxaz isilarazi zituen faxismoak bereak ez ziren ideia, eslogan eta irudiak oro.
Espainian gertatutakoaren testigantza argazkiek zabaldu zuten nonahi. Argazkiaren egiatasuna nagusitu zitzaion marrazkiaren iradokitzeko gaitasunari. Kamerak gai dira miliziano bat balak jo duen unea harrapatzeko (R. Capa, Cerro Muriano, 1937), errotatibak badute argazkiak egunkarietan inprimatzeko teknologia, publikoak ikasi du irudiak dekodifikatzen, irakurtzen, argazkia mugituta egonagatik ere, laino azalduagatik ere. Espainiako Gerrak markatu zuen prentsako argazkilaritzaren susperraldia. Gernikaren suntsiketa argazkiez eman zen ezagutzera, Picassok bere “kartel” ikaragarria egin zezan baino lehen.
Ez da kartelgintza Txiki Zabalok gehien landu zuen alorra, eta hala ere haren izena saihestezina da gure herriko kartelgintzaren historian. Artista Berrien Erakusketa iragartzeko egiten ditu lehen kartelak. Enkargu inportantea zen Gipuzkoan, kartelgintza lantzeko aukera handirik ez zegoen garaian, bere eraginagatik, eta tankera grafiko berriekin jolas egiteko ematen zuen aukeragatik. Lehenengoa da piktorikoena, 1922koa. Margolari bat azaltzen da irudian, bera ari da kartela pintatzen. Marraren nabarmentasuna, koloreen lautasuna, gama kromatiko urriari etekinik handiena ateratzeko ahalmena hasieratik daude Txikiren karteletan. 1924ko eta 1925eko “Ertizale Berrien Erakusketak” iragartzeko, elementu berri bat erabiltzen du Txikik, bere estiloan muin-muinekoa dena: umetasuna. Panpinatxoak dira bertako figurak, kolore biziez margotutako figura erabat soil eta sinpleak, ikusterrazak, ulerterrazak. Esan liteke, ilustrazio popularrari eta umetasunari bide ematen dienean asmatzen duela Txikik bete-betean, kartelgintzan diharduenean ere. Irungo Jaietarako 1925ean, eta, batez ere, Estatutuaren aldeko “Agur Seme” kartelean (1933) frogatzen da bere ilustrazioen indar grafikoak neurriz handitutakoan erdiets dezakeen eraginkortasuna. Ilustratzaile senari men egiten dionean da benetan handi Juan Zabalo kartelgilea. Eta, hain justu, bere estiloaren umetasuna erabat ukatu beharrean aurkitzen denean egiten du huts. 1931n Lege Zaharren aldeko kanpainarako kartel hanpatu bat margotzen du Zabalok; aizto batek Lege Zaharren liburua alderik alde urratzen du eta odolusten. Gaiaren planteamendu hiperdramatizatuak darama Zabalo bereak ez diren bideak tentatzera. Poema heroikorako baino silabarioetarako zuen, baiki, Txiki Zabalok sen zorrotzagoa.
Interesgarriak dira oso industriarako egin zituen iragarkiak. Eibarko Industriaren erakusketaren irudirako (1929), lantegietako tximiniak zutabe bilakatzen dira, tenplu bihurturik fabrika. Langileak heroi jainkotiar bat dirudi, gizandi bat, gurean, Artetak inork baino hobeto landu zuen ikonoaren ildotik. Ez da industriaren eta merkataritzaren arloan egindako bakarra. Gipuzkoa Begiragarria izeneko argazki liburu ederrean (1932) aurkitu ditugu hainbat enpresatarako iragarkiak erreproduziturik, Elosegi txapelgilearentzat, Garay aterkigilearentzat, Eibarko Agustin Larrañagarentzat, CAFerako, Patricio Etxeberriarako edo Banco Guipuzcoanorako.
Txikiren kartelik ezagunenak politikoak dira, hala ere. 1933an eskatzen dio Alderdi Jeltzaleak Estatutuaren aldeko kanpainarako irudia. Lau ikuspuntutatik heltzen dio iragarpen kanpainak gaiari, eta lau estilo ezberdin ipintzen ditu Txikik jokoan. “No seas suicida…” da dramatikoena, errealista marrazkeraz, iluna, kolorez; “Universidad Vasca” da geometrikoena, urte haietan behin eta berriz landuko zuen angulazio lehorraren erakusle. “No hemos nacido en esta tierra…” eta “Agur Seme” dira gogoangarrienak, beren xalotasun apainean. Baserri bateko atarian, ama-semeak elkar agurtzen, negarrez. Figurak kolore huts dira, eskema geometriko oso zorrotzen baitan. Geometria horrek ikur bihurtzen du irudia, logo bat ia. Ama eta semea irudikatu behar ditu, baina euskaldunak direla komunikatzearekin batera. Euskaltasunaren ikurrak bilatzen ari dira, nor bere bidetik, eta, maiz, elkar eraginean, Zabalo bezainbat Lagarde (ikus, esaterako, 1930ean Eusko Ikaskuntzaren batzarrerako diseinatu zuen kartela), Landi, Gezala, Martinez Ortiz eta beste asko. Euskal ikonografia berezi baten langintzan ari dira, tradizioari eta berritasunari aldi berean begiratuz, marrazkigintzan bezala arkitekturan eta musikan, pinturan eta literaturan, “berezitasunaren estetika” baten eraikuntzan. Berritasunerako eta bertakotasunerako bideak batera egin nahi izan zituen belaunaldi oso bat dago Txikiren obraren inguruan.

Zuri-beltz
1921ean hasten da Juan Zabalo lanean, karikaturak argitaratzen, Donostiako El Pueblo Vasco egunkarian. Ez zion generoari bere jardun profesionalak iraun zituen 15 urteetan utziko. Garai hartako kirolarien, artisten, hizlarien eta politikoen galeria zabala utzi zigun Zabalok. Ez dira satirak, ez dira barregarriak, ankerkeriaren zantzurik ez da ageri Txikiren karikaturetan. Gombrichek esaten zuen sorgindutako batek bezala eramaten duela satirizatuak bere karikatura musuan, betiko. Txikiren karikaturak ez dira zigor, erretratu laburrak dira. “Reportero gráfico” esaten dio bere buruari Zabalok, bulegoko paperen goiburuan.
Marra hutsa da karikatura, inprimaketarako erabat egokia. Marrazkigintzan dagoen generorik trinkoena da, sintesiaren jolasa: zirriborro batean, ezaugarri gutxienekin, norbaiten antza aurkitzea. Bizkor ematen du informazioa karikaturak, ikuslea erabat inplikatzen du, berak osatu eta interpretatu behar baitu irudia. Trinkotasunaren eskola horretan ondu zela esan liteke Txikiren estiloa.
Lanaren zatirik handiena, bere ilustradore senaren neurria ematen duena, prentsan argitaratu zuen Txikik, zuri-beltzean. Kolorea, aldizkarietako azaletara mugatzen zen artean, egunkarietarako errotatibek ez zuten kolorez inprimatzeko ahalmenik. Argazkiak nekez erreproduzitzen ziren errotatibetan, marrazkia zen lanabesik bizkorrena, malguena eta merkeena.
Karikaturek jendearen albiste ematen dute, txisteek berriz gertakizunen kronika egiten dute, zurian gehiago beltzean baino. Kalean atzemandako irtenaldiak, inori entzundako xelebrekeriak, haurrei (eta, askotan, Mikel, Lore, Xabier ilobei) jasotako arrazoi bitxi baina argigarriak dira bere txisteen ongarri. Testu idatzi askok baino hobeto egiten dute marrazkitxo horiek egunerokotasun xaloaren kronika. Umore “garbia”, atsegina, garraztasunik gabea da Txikirena, irribarrea du karkara baino nahiago. 1931tik aurrera, eta giro politikoa gogortzen eta ozpintzen den eran, txisteak ere, Txikirenak ere, samintzen joan ziren, propagandaren beharretara makurtuta, garai bortitz baten ispilu.

Argia
Ez dakigu zehatz txisteak Juan Zabalok berak idazten ote zituen. Pentsatzekoa da euskarazko testuetan bederen, norbaiten laguntza izango zuela, bai erdal egunkarietako euskal orrietan, bai euskal prentsan. Marrazkiari dagokionez, garbi dago Txiki ez dela senez narratzailea, ez bere txisteetan ez komikietan. Marrazkia ez dago testuari erabat txertatua. Behin baino gehiagotan erabiltzen du Txikik marrazki bera txiste edo gai desberdinetarako. Marrazkigintzaren alorrik narratiboenean, komikian, ikusten da hori argien. Komikiaren aurreko moldeetan mugitzen da, XIX. mendeko irudi-narrazioen tankeran, non testuak bere bidea egiten duen, marrazkiaz berezia. Marrazkiak ilustratu egiten du testua, irudi sail batez, baina bi mintzairak autonomoak dira. Ilustrazio da marrazkia, eta ez narrazio.
Aparteko ilustradorea da ordea Juan, Jon, edo nahi bada John Zabalo. Maisu da elementu grafikoen ekonomian, zuri-beltza erabiltzeko duen harrigarrizko trebetasunari esker. Bereziki aipatzekoa iruditzen zait, bere trinkotasunean eta adierazkortasunean, Argiaren Egutegian 1928an argitaratu zuen txiste saila. Abstraktuak dira ia marrazkiak beren soiltasunean, figurak elementu geometriko minimoetara ekarri dira, laukiak, hirukiak, zirkuluak, marrak. Inoiz baino trinkoagoak marrazkeran, inoiz baino bizkorrago jasotzen dira begietan. Marrazki bizidunetarako apunteak dirudite, egun ikusita.
Kaletarren artean gertatzen dira, oro har, Txikiren txisteak; Argiako orrietan landu zuen iruditerian, urte haietan euskaraz egiten zuen edo egin zezakeen jendearen erretratu soziala eskaintzen digu, euskararen sinesgarritasunaren geografia bat iradokitzen digu, topikoak uste duen baino zabalagoa: umeak, jakina, eta etxekoandreak, neskamea bezainbat ugazaba, apaiza nola medikua, baserritara eta dendaria, ardozalea eta atso maiseatzailea, gazte moderno burgesak eta arrantzale xaloak.
Argia euskal aldizkarian azaltzen zaizkigu garbien eta zabalen Txikiren ahalmen grafikoak. Donostian argitaratzen zen astekarian, eta haren urteroko Egutegian, azalak, atalburuak eta apaingarriak egiteaz aparte, ipuinen ilustrazioez arduratu zen, txisteez, jolasez, komikiez, iragarkiez. Argia da seguruenik, (ez nahastu Iruñean argitaratzen zen Zeruko Argiarekin), Txikiren prentsarako lanaren erakustokirik adierazgarriena. Alor desberdinak jorratu beharrak estilo desberdinak erabiltzera bultzatu zuen. Nagusiei zuzendutako testuetan errealismora jo zuen, eta txisteetan, edo haurrentzako ilustrazioetan berriz, marra nabarmenez, figura trinkoez eraikitako estilo batera, marka bat izatera helduko zena: “Empresa Txiki”. Geometriaren zehaztasuna eta apaingarri senaren dotorea bateratzen zituen xalotasun modu bat.

“Nor-Nai”
Argiako orrietan hizketan ikasi zuen mundu hura iluntasunera kondenatu zuen gerraren zioak. Ahalegin inportante asko zapuztu ziren, sendo eraikitzen hasitako oinarriek lurra jo zuten, izen asko eta lan ugari geratu zen betiko lurperaturik faxismoak antolatu zuen txikizioaren ondorioz. Anonimatu bikoitz baten historia ageri da Txikiren irudien ondoan. Lehen ikustaldian bereak diruditen irudi batzuetan Txiki ez, baizik “Nor-Nai” sinadura azaltzen da. Urte askoan uste izan genuen marrazkilari beraren bi ezizen zirela.
Txikiren egikera du “Nor-Nai” izenekoak, haren marrazkeraren ildokoa da. Baina arretaz erreparatuz gero, arabeskorako joera nabarmenagoa antzematen da “Nor-Nai”ren marrazkietan, apaingarrietarako sen berezia, berezko apaintasun jostalaria, sintesirako dohain harrigarria. Txikiren lana liburuan bildu zen aurreneko aldian (1973, Txiki, marrazkilari eta umoredun) nahasian agertzen ziren “Nor-Nai”ren eta Txikiren marrazkiak. Aurrerago, gerra aurreko irudigintza askatasunean eta baliabide tekniko eta metodologiko egokiagoez ikertu zutenek (Agiriano, Mur, Unsain, etc…) eman ziguten ezagutzera anonimatuaren ikurraz sinatzen zuen marrazkilari harrigarri haren benetako izena: Ignacia Zabalo Ballarin.
Guk dakigula behintzat, Txikiren arreba gaztea da Euskal Herrian XX. mendean lanbidez marrazkilari izandako lehen emakumea, hau da, sinatzeko ausardia izan zuen aurrenekoa (anonimotasunaren historia baita emakumeena). Anonimatutik irteteko asmatu zuen “Nor-Nai” ezizena: edozein, berdin du, ez dut izenik. Izenik ez edukitzeaz ikurra egin zuen Ignacia de Zabalok. Izen artistikoa du Zabalo andereak bere obrarik biribilenetako bat.
1905ean jaioa, 20 urterekin hasten da anaiarekin lanean. 1925ean agertzen da aurrenekoz Argia’ren Egutegian haren sinadura apaina. Irungo Festetako liburuxkan akuarelak sinatzen ditu, eta Agere izeneko aldizkarian, Elizaren gerizpean neskatila gazteentzat egindako aldizkari bitxian, atalburuak, letrak, hornigarriak, marrazki, txiste eta komikiak. Agere da “Nor-Nai”ren lantegi berezia, bere joerak garbien azaltzen dituena.
1931 arte jardun zuen Ignacia Zabalok bere anaiarekin lanean. Bartzelonara jo zuen gero, bere bidea egiteko erabakia harturik. Ez zen nolanahiko kemena behar emakumearen askatasuna praktikan jartzen saiatzeko. Gure lehen marrazkilari emakumearen abentura 1939an zapuztu zen. Bartzelonako etxe atarian harrapatu zuen bonba batek “Nor-Nai”. Heriotzarik anonimoenak eten zuen gure grafismo modernoaren erakuslerik ederrenetako baten promesa.

Xabiertxo
Ororen gainetik ilustradorea dela Jon Zabalo esan dugu gorago, eta liburugintzan egindako lana ari gara, horrekin, lehenesten. Umeentzako liburuek ematen diote Zabaloren grafismoari bete-beteko zentzua. Haurrentzako produktuetan erabili ahal izan zituen askatasun handienaz hain bereak zituen kolore alaiak, marra nabarmenak, marrazki trinkoak, xalotasunaren poetika baten ildoan. Liburuen irudigintzan laburbiltzen da, baiki, Txikiren estiloaren mamia.
1925a urte erabakigarria da Txikiren obran, gainerako jardunetan bezala, liburugintzan. Trebatze aroa dirudi ordura artekoak, hastapena, marrazkera desberdinen artean estilo propio baten bila. 1925-1931 urte bitartean loratzen da Txikiren tankera berezia, urte horietan egiten ditu bere lanik seinalatuenak, orduan hartzen ditu arrisku grafikorik handienak. 1932tik aurrera, marrazki klasikoagora (neoklasikoagora) jotzen du, irudi idealizatuen beharrari erantzunez, nazionalismoak “arrazaren errepresentazioari” eskatzen zion duintasunaren haritik, beharbada. Enkarguak ere maila handiagokoak dira, “serioagoak” nolabait esateko. Baina 25etik 31ra bitartean, ume euskaldunentzako egin zituen ikasliburuetan gorde da, egundaino, Txikiren marrazkeraren muina, haren umetasun sofistikatua.
Loraldi hori, inori zor izatekotan, Ixaka Lopez Mendizabali zor zaio. Idazle, editore, inprimatzaile, eragile, antolatzaile, Lopez Mendizabalek hartu zuen bere gain haurrak euskaraz eskolaratzeko liburuak sortzeko ardura. 1920ko hamarkadan zabaltzen dira, Donostian, Bilbon, Tolosan eta beste hainbat herritan lehen ikastolak, euskara hutsean irakasten duten ikastetxe bereziak. Xabier, Ixakaren semea da horietako ume bat. Aitak sortutako eskolan ikasten du, aitak sortutako liburuetan ikasten ditu lehen hitzak eta zenbakiak, lehen kantu herrikoiak eta aberkoiak, lehen errezoak. Ume hark gerra aurretik erabili zuen ikasliburuak Xabiertxo du izena. Liburu berbera izan genuen eskuetan gerra osteko ume euskaldun batzuek. 50etako, 60etako, 70etako ikastoletan ikasi genuen Lopez Mendizabal errespetatzen eta Txiki Zabalo maitatzen.
Zatiez osatua da Xabiertxo, irakurgaien bilduma bat, liburuen liburua, irakurleen trebalekua, biharamuneko literatura posibleen hazitegia. Lopez Mendizabalek amesten zuen ereintza lana ikur bihurtzen du Txikik liburu azalean, non irakurle bat ageri den liburu bat irakurtzen, zeinean irakurle bat ageri den liburu bat irakurtzen, zeinean…
Gaiez eta tonuz oso desberdinak diren zatiak ilustratzeko, marrazkera desberdinak baliatu zituen “Txikik” Xabiertxoren orrietan, ilustrazio errealistak eta eskemak, zehaztasunari jarriz arreta batzuetan, iradokizunari besteetan. Mundu oso bat sortzen dute Lopez Mendizabalek hautatutako testuek eta Zabaloren irudiek, “unibertso” bat, askotarikoa eta, hala ere, batasun eta barne-koherentzia handikoa. 1925ean argitaratu zen aurrenekoz; Primo de Riveraren diktadurapean, beraz. Askatasun giro handiagoak ekarri zion liburuari bigarren aukera, 1932an. Edizio hori da gehienok ezagutzen duguna, 67ko eta 72ko edizioetarako erabili zena. Edertua zetorren, ikusgarritasun handiagokoa zen 32ko bigarren edizio hori, euskarazko prentsan eta giro euskaltzaleetan behin eta berriro iragarri zena. “Acaba de aparecer la segunda edición de este libro de lectura para niños, primorosamente editado en colores. El mejor libro de regalo por su presentación admirable”, jakinarazten du El Díak iragarki batez, 1932ko irailean.
Ez dira berdin-berdinak bi edizioak. Marrazkien neurrietan eta koloreetan badira aldaketa ttipiak, oro har, bigarren argitalpena koloretsuago eta erakargarriago egiten dutenak. Azalean dago aldaketarik nabarmenena. Fondo gorria du 1925ekoak, eta, berdea, bertsio ezagunenak, 1932koak. Gorritik orlegira dagoen aldeak, Xabiertxoren lehen ediziotik bigarrenerako tarteak, mugatzen duela esan liteke Txiki marrazkilariaren arorik oparoena.
Sei urte horietako liburuen azalak dira, nire usterako, eta kartelak baino areago, Txiki Zabaloren obrarik adierazgarrienak, Xabiertxo bera eta Martin Txilibitu (1931), honen arreba bikia, Umearen Laguna (urte berekoa), Txomin Ikasle (1931), Sabin euskalduna (1931). Euskarari eta euskarak bideratzen zuen mundu ideologikoari irudi oso bat, gorputz eta soin, eman zien Txiki Zabalok. Berak ekarri zuen euskara haurren begietara.

Literatura
Yolanda da Txikiren liburu azaletan zaharrena, dataz eta moldez. 1921ekoa da Pierre Lhanderen nobelatxorako irudia. Osagarri grafiko guztiak, letrak barne, landaretasun beteko apaingarri dira, mende hasierako Art Nouveau, Arte Berri edo Modernismoak atsegin izan zuten eran. Ez zuen hor aurkitu Zabalok bere tankera propioa. Sorgin-Lapurra liburuan (1924) sinplifikazioaren bila dabil jada Juan Zabalo, trinkotasuna eta eraginkortasuna ari da bilatzen. Irakurle arruntentzako testuak dira, errazak, herri literatura modernoa ahozko tradizioaren gainean eraiki nahiaren adierazpide. “Lertu nai dezu parrez? Erosi ezazu bertatik Pernando Amezketarraren liburua. Biña pezetan Euskal-Erri guztian” (Argia, 1927). Iragarkiek bezalaxe, liburuok errazak direla, atseginak direla adierazi behar dute azaleko irudiek, “bertatik”. Pernando Amezketarran (1927) kolore lauak eta marra nabarmenak erabiltzen ditu, errealismo baserritar eta karikatureskoari urteetan iraungo duen moldea asmatzen dio. 1929an, bi urte geroago, Txomin Arlote marrazten du, harrigarrizko kalitateaz inprimatutako liburu zoragarria. Hiru kolorez lortzen du Txikik kromatismoa. Zehatz hautatzen ditu margotu beharreko xehetasunak. Gutxirekin asko egiteko artearen erakusgarria da Txomin Arlote. Txiki inoiz baino gertuago dago lan honetan Europa Erdialdean lantzen ari ziren estiloetatik. Haien oihartzuna dakarte, garden, ausart, Erramun Maruriren testurako Txiki Zabalok sortu zituen irudi apainek.
Iturriagaren Ipuiak, Campionen Blancos y Negros nobela, Lizardiren Umezurtz olerkiak eta, batez ere, Txomin Agirreren Garoa dira 30eko hamarraldian ilustratu zituen liburu garrantzitsuenak. Testuen tonuari egokiturik, umetasuna baztertu eta errealismo akademikoagoaren aukera egiten du marrazkilariak. Marrazki gardena da, klasikotasuna bilatzen duena. Marrazki ederrak izanagatik ere, akademikoagoak dira ilustrazio errealista hauek, “duintasunarena” egiten dute apustua, lehengo bizitasunari eta trinkotasunari uko eginaz. “Goi-maila” adierazi beharrak eramaten du Txiki marrazkera tradizionalagoetara. Poema heroikoena da garaia. Guk, ordea, silabarioetako marrazkilaria dugu maiteago.

Euskal grafia
Euskal letraz dago “Garoa” idatzia liburuaren azalean, gorriz berdearen gainean. 20ko hamarkadan tipografia berrien eta hornidura herrikoien arteko sintesiak saiatzen ditu Txikik. “Beñat Liburuek” Txomin Agirreren nobela argitaratzen dutenerako (1935), ikurren premia nagusitu da kalean. Guztiak behar du ikur, marka, bandera, arma. Purismo sabindarrak, “garbizaletasuna” esan izan zaionak, garbitasun bikoitz baten ikur bihurtu nahi izan zuen euskara. Garbia behar zuen hizkuntzak, Jaungoikoaren aurrean nola, Aberriari dagokionez, eta adierazi egin behar zuen garbitasun mantxarik gabekoa. Hizkuntzak esan lezakeenaren gainetik, hizkuntzak agertzen duena axola izan zitzaion orduko garbitasun “etnikoari”: “Ez naiz espainieraz ari. ‘Desberdineraz’ ari naiz. Euskaraz ari naiz, espainieratik ezer ez duen hizkuntza batean beraz”. Korolarioa falta da: “ez bainaiz inondik ere espainiarra”. Ez hitzetan, ez izenetan (Xabin, Ixaka, Jon…), ez ortografian, ezta grafian ere.
Alfabetoa zen desberdina, sinatzeko modua zen desberdina (Lopez Mendizabal’dar Ixaka), letrak berak ziren desberdinak. Txikiren belaunaldiak euskal grafia finkatu zuen, garai hartako arkitektoek etxeetarako euskal estilo bat moldatu nahi izan zuten antzera. Kezka berbera zuten Zabalo anaia biek, gauza berari begiratzen zioten, hizkietan Txikik eta apaingarrietan Pablok: erabilgarria izango zitzaien tradizio posible bati. Grafia y ornamentación popular vasca, bi anaiek 1947an elkarrekin argitaratu zuten liburuak badu testamentu baten kutsua. Erbestean egina da lana: Ingalaterran zen Juan –John bihurturik jada–; Venezuelan, Pablo. Itsasontziz bidaltzen zizkioten lanak elkarri. Ingalaterran marraztu, Venezuelan idatzi eta osatu, Argentinan argitaratu, Euskal Herrira ezkutuan ekarri, liburu bakoitza abentura heroiko bat zen garaiaren ikur da euskal ikurren bilduma eder hori. Zabalo anaien kemenari esker, dokumentu sistematizatu bat jaso genuen, muestrario oso bat, 70etan geratuko zen “berezitasunaren estetika”ren susperraldian lanabes garrantzitsua eskainiko zuena. Horrela egin zen Erdi Aroko tipografien aldaera lokalak idazkera nazional bihurtzearen prozesua. Diseinugileentzako aukera bat izan zitekeena ezinbestezko molde bihurtu zen mezu “euskaltzaleak” igortzeko.

Txikiren itzal luzea
Martin Txilibitu eta Xabiertxo 1967an irten ziren berriro argitara. Berrogei urteren buruan ia, irakurtzen ikasteko metodo berberak erabiltzeak inor harritu balezake ere, frankismoa zenbaterainoko atzerapena izan zen gogoan duenak onartuko dit, neke handirik gabe, Txikik ilustratutako liburuak erabili genituen umeok ez geniela batere inbidiarik auzoan erdaraz ikasten zuten lagunei. Itsusiagoak ziren haien liburuak. Beraiek ez ziren gure liburu politen min, ezkutuan eramaten genituelako guk; ikasia genuen ez zela kalean nabarmentzea komeni.
70etan, ikastolak sustrai hartzen hasitakoan, metodo berriak, liburu berriak, lanabes berriak sortzeari lotu zitzaizkionean, Xabiertxo desagertzen joan zen euskaraz ikasten zuten umeen etxeetatik. Marrazkilarien lan-mahaietan agertuko zen berehala. Kartela, eta grafismoaren eskulangintza boladan zeuden, dela kultura hippyaren eraginez, dela Pop izeneko joerek bultzatu zuten kultura komertzialarekiko erakarmenaz, edota mugimendu politiko alternatiboen bultzadaz, Kuban, Polonian, Paris 68an, Berkeleyn… eta, hamarkadaren bukaera aldean, Euskal Herri gatazkatsuan.
Jon Zabaleta da, seguruenik, Jon Zabaloren oinordekorik garbiena. Txikiren arrastoa Folonen eraginarekin nahasteak eman zion Zabaletari 70etako eta 80etako euskalgintzan hain ezaguna bihurtu zen estiloaren oinarria. Kolore bizien, marrazki garbien, trinkotasunaren atseginez, Txikiren marrazkigintzak berriro bereganatu zuen arreta. Haren grafismoa boladako gertatu zen eta haren euskal estilo bat jorratu nahiak tradizio erabilgarria eskaini zien erantzukizun estetikoak eta politikoak uztartzen saiatzen ziren marrazkilariei. Estatutuaren aldeko borroka berriro formulatzen hasteko aukera izan zenean, Frankoren heriotzarekin, Txikik 1933an marraztutakoak inprimatu ziren berriro, gerrak apurtutako iraganarekin zubi egin nahian edo.
Berebiziko garrantzia izan zuen transmisio horretan Auñamendik 1973an argitaratu zuen Txikiri buruzko liburuak. Antonio Maria Labaienek idatzi, eta Mattin Labaienek eta Xabier Lopez Mendizabalek prestatutako liburu hura izan zen, urte askoan, Txikiren obraren bilduma bakarra. Inguruan bil zezaketena baliatuz, Zabaloren obra ezagutzeko eta miresteko parada eman zuten. John de Zabalo, Txiki. Marrazkilari eta Umoredun. Alde askotatik geratu da zaharkitua edizio hura, baina argitarapen honek, eta erakusketaren moldaketak, oro har, zor kitatu ezina dute Txikiren itzala gugana hel zedin lortu zuen liburuarenganako. Haren lekukoa hartu nahi luke argitarapen honek, hogeita hamar urte geroago. Hark bezala nahi luke eman Jon edo Juan edo John Zabalo Txikiren obra ezagutzera eta mirestera.

(*) Koldo Izagirreri zor diot, Elizalderen aipuaz gain, artikulu honetako hainbat datu eta gogoeta. Behin eta berriz aztertu du Izagirrek gerra aurreko garaia, euskararen baitatik beti, berak “petrala” esaten dion historia egiteko modu argigarrian. Bereziki aipatu nahi nituzke: Gerraurreko eskola literaturaz ohar batzuk, –Xabiertxo liburuari buruz–, Oh!Euzkadi 7. alean, Euskararen historia txikia Donostian, eta Gure Zinemaren historia petrala, inguruaz eta euskararen kaletartzearen prozesuaz (SuSa, 1998 eta 1996).
Xabiertxo hartzen du oinarri Anjel Lertxundik ere, eta zehazki haren azalean Txikik egiten duen ispilu-jolasa, literaturaz eta euskararen tradizioaz gogoeta aberasgarria egiteko. (Mentura dugun artean. Alberdania, 2001).
Ez ditut aipatu gabe utziko, ohar berean eta labur bada ere, erakusketa eta katalogo hau egin ahal izateko funtsezkoak izan zaizkigun ikerketak. Maya Agirianok aztertu zuen, sakon, gerra aurreko euskal kartelgintza Cartelismo Vasco (1918-1936) izeneko lanean. Argitaratu gabe egotea benetan da harrigarria, eta kezkagarria. Giro artistikoari buruz Adelina Moyak eman zigun argitasuna El arte guipuzcoano entre la renovación y la innovación izeneko liburuan (Gipuzkoako Foru Aldundia, 1986), Pilar Mur-ek marrazkigintzaren panorama zabal bat egin zuen Las Artes Gráficas en Euskadi izeneko ikerketan (Eusko Jaurlaritza, 1988), nola Antonio Gezalaren katalogo ederrean edo Euskal Artisten Elkarteari buruzko liburuan. Jose Mari Unsainek aztertu zuen, arretaz eta ezagutzaz, gerra aurreko komikia, (Antecedentes del comic en Euskadi (1894-1939), Ttarttalo, 1989). Unsainen lanak erreferentzia saihestezinak dira euskal grafismoaren loraldia ezagutu nahi duen ororentzat. Carteles en Guipuzcoa (R. Aguirre Franco, 1985) klasiko bat da jada. Garaiko estetikari buruzko saioen artean, Estetica de la diferencia, C. Martinez Gorriaran eta I. Agirre Arriagak Alberdanian, 1995an argitaratu zutena, nabarmendu nahi nuke.

Ikerleak bezain garrantzitsuak izan zaizkigu lekukoak. Txikiren familia ezagutzea funtsezkoa izan da lan honen bilakaeran. Amaia Zabalo eta bere anai-arrebak, –Belen, Lore, Mikel, Tere, Xabier–, Pablo Zabaloren seme-alabak, Txikiren ilobak, erabat izan ditugu lankide. Haiei zor dizkiegu liburu honek aurrenekoz eskeintzen dituen argazki eta datuak. Laguntza benetan estimagarria eman digu, halaber, Xabier Lopez-Mendizabalek. Gutxik bezala ezagutzen eta maitatzen du garai hura. Poxpolin komikiari buruzko dokumentazio harrigarria utzi digu, ohi duen eskuzabaltasunaz.
Azkenik, Inazio Mujika Iraolari eskertu behar diot, Txikiren liburuak erakusketarako utzi izana bezainbat, testu honi eskaini dion arreta eta zuzentze-lana.

 

2006 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net