Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 12, osteguna
Txiki Zabalo

“Nor-Nai”

Argiako orrietan hizketan ikasi zuen mundu hura iluntasunera kondenatu zuen gerraren zioak. Ahalegin inportante asko zapuztu ziren, sendo eraikitzen hasitako oinarriek lurra jo zuten, izen asko eta lan ugari geratu zen betiko lurperaturik faxismoak antolatu zuen txikizioaren ondorioz. Anonimatu bikoitz baten historia ageri da Txikiren irudien ondoan. Lehen ikustaldian bereak diruditen irudi batzuetan Txiki ez, baizik “Nor-Nai” sinadura azaltzen da. Urte askoan uste izan genuen marrazkilari beraren bi ezizen zirela.
Txikiren egikera du “Nor-Nai” izenekoak, haren marrazkeraren ildokoa da. Baina arretaz erreparatuz gero, arabeskorako joera nabarmenagoa antzematen da “Nor-Nai”ren marrazkietan, apaingarrietarako sen berezia, berezko apaintasun jostalaria, sintesirako dohain harrigarria. Txikiren lana liburuan bildu zen aurreneko aldian (1973, Txiki, marrazkilari eta umoredun) nahasian agertzen ziren “Nor-Nai”ren eta Txikiren marrazkiak. Aurrerago, gerra aurreko irudigintza askatasunean eta baliabide tekniko eta metodologiko egokiagoez ikertu zutenek (Agiriano, Mur, Unsain, etc…) eman ziguten ezagutzera anonimatuaren ikurraz sinatzen zuen marrazkilari harrigarri haren benetako izena: Ignacia Zabalo Ballarin.
Guk dakigula behintzat, Txikiren arreba gaztea da Euskal Herrian XX. mendean lanbidez marrazkilari izandako lehen emakumea, hau da, sinatzeko ausardia izan zuen aurrenekoa (anonimotasunaren historia baita emakumeena). Anonimatutik irteteko asmatu zuen “Nor-Nai” ezizena: edozein, berdin du, ez dut izenik. Izenik ez edukitzeaz ikurra egin zuen Ignacia de Zabalok. Izen artistikoa du Zabalo andereak bere obrarik biribilenetako bat.
1905ean jaioa, 20 urterekin hasten da anaiarekin lanean. 1925ean agertzen da aurrenekoz Argia’ren Egutegian haren sinadura apaina. Irungo Festetako liburuxkan akuarelak sinatzen ditu, eta Agere izeneko aldizkarian, Elizaren gerizpean neskatila gazteentzat egindako aldizkari bitxian, atalburuak, letrak, hornigarriak, marrazki, txiste eta komikiak. Agere da “Nor-Nai”ren lantegi berezia, bere joerak garbien azaltzen dituena.
1931 arte jardun zuen Ignacia Zabalok bere anaiarekin lanean. Bartzelonara jo zuen gero, bere bidea egiteko erabakia harturik. Ez zen nolanahiko kemena behar emakumearen askatasuna praktikan jartzen saiatzeko. Gure lehen marrazkilari emakumearen abentura 1939an zapuztu zen. Bartzelonako etxe atarian harrapatu zuen bonba batek “Nor-Nai”. Heriotzarik anonimoenak eten zuen gure grafismo modernoaren erakuslerik ederrenetako baten promesa.

2006 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net